Gaztelaniaz Vitoria du izena, baina izen ofizialtzat Vitoria-Gasteiz erabiltzen da. Hiriak 235.661 biztanle dauzka 2008ko datuen arabera. Euskal Herriko bigarren udalerririk handiena da, 276,81 kilometro koadrorekin (handiena Baztan izanik).
Auzoak
Gasteiz hogeita zortzi auzoz osaturik dago. Hiriaren sorreratik XIX. mendearen bigarren erdira arte, egun Alde Zaharra dena besterik ez zegoen. Sasoi horretan hiriaren hedatzeari ekin zitzaion hegoalderantz, Zabalgunea osatuz. XX. mendearen hasieran hiritartze berriak egin ziren egun Babesgabetuak, Lovaina, Anglo-Vasco, Judimendi eta Koroatzea diren auzoetan, bai eta Mendizorrotza auzoko zenbait tokitan ere. XX. mendeko bigarren zatian, industrializazio prozesu azkarraren eta etorkinen etorreraren ondorioz, auzo modernoagoak eraiki ziren: Abetxuku, Adurtza, Arana, Aranbizkarra, Arantzabela, Ariznabarra, Done Jakue, Ehari-Gobeu, Gazalbide, Pilar, San Kristobal, San Martin, Santa Luzia, Sansomendi, Txagorritxu eta Zaramaga. Mendearen hondarrean, 1990eko hamarkadan, Arriaga-Lakua sortu zen.
2000. urteko Hiri Antolamenduko Plan Nagusiak hiriaren hazkunde nagusia ekialderantz eta mendebalderantz gertatuko zela zehaztu zuen, hain zuzen Salburua eta Zabalgana izeneko lur-eremu handietan. Bakoitzean 10.000 etxebizitza inguru eraikitzen ari dira. Salburuan eta Zabalganean eraiki diren auzo berriek ez daukate izaera administratiborik oraindik, Gasteizko nekazaritza lur eta herrixka gehienak biltzen dituen hiru auzo handietan, Ipar-mendebaldeko Nekazaritza Eremuan, Hego-mendebaldeko Nekazaritza Eremuan eta Ekialdeko Nekazaritza Eremuan, integraturik baitaude oraindik ere.
[aldatu] Herriak
Gasteizko herrien lurraldeak
Gasteizko hiriaz gain beste herri txiki batzuk ere barnean hartzen ditu udalerriak. Historian zehar, Gasteizek inguruko hainbat herrixka anexionatu ditu eta gaur egun duen azalera handia lortu du. XIX. mendean Ehari eta Elorriagako herrixkak anexionatu zituen, eta XX. mendean Ariniz, Foronda, Otoak eta Mendozako herrixkak.
Gasteizko herrien zerrenda hau da: Aberasturi, Amarita, Andetxa, Andollu, Arangiz, Aretxabaleta, Argandoña, Ariniz, Arkaia, Arkauti, Armentia, Artatza Foronda, Askartza, Aztegieta, Berroztegieta, Betoñu, Bolibar, Ehari, Elorriaga, Erretana, Eskibel, Estarroa, Foronda, Gamarragutxia, Gamarra Nagusia, Gamiz, Gardelegi, Gaztelu, Gereña, Gobeu, Gometxa, Ilarratza, Ihurre, Jungitu, Krispiña, Lasarte, Legarda, Lermanda, Lopida, Lubinao, Mandoiana, Margarita, Martioda, Matauku, Mendiguren, Mendiola, Mendoza, Miñaogutxia, Miñao, Monasterioguren, Oreitia, Otazu, Otobarren, Otogoien, Subilla Gasteiz, Uribarri Dibiña, Uribarri Arratzua, Uribarri Nagusia, Villafranca, Zerio, Zuhatzu eta Zumeltzu.
Etimologia
Donemiliaga Kukulako 1025. urteko reja agirian Gastehiz izena agertzen da hamarrenak ordaintzen zituen Arabako herri bat izendatzeko. Bestalde, hiriaren sorrera foruak, 1181ekoak, honela dio: Placuit mihi libenti animo et sana mente populare vos in praefata villa, cui novum nomen imposui, scilicet Victoria, quae antea vocabatur Gasteiz.
Gasteiz hitzaren jatorria azaltzeko hamaika hipotesi eratu dira denboran zehar. Egun hipotesirik onartuena Alfonso Irigoienek plazaraturikoa da. Horren arabera, Gasteiz Gaste pertsona izenaren deribazio patronimikoa litzateke. Azken hau askotan -a artikulua itsatsita agertzen da agirietan, Gastea forman. Zehaztu gabeko garai batean hitza toponimo bihurtu zen, eta gero herri bilakatu zen.
Gastea hitzaren jatorri probableena, Irigoienen arabera, gaztea da. Gastea eta Gartzea (azken hau, dirudienez, Gartzia/García abizenaren jatorria) aurrekoaren bi aldaera lirateke, bata mendebaldekoa eta bestea ekialdekoa, bertze/beste, bortz/bost edo ortzegun/ostegun kasuetan gertatzen den bezala.
Jorge Maria Ribero-Menesesen ustez Gasteiz Gazteliz terminoaren eratorria izan daiteke. Haren ustez, Vitoria (Biztoria) toponimoa Gasteiz bezain euskalduna litzateke. Euskal Herriko hainbat lekutan -Arratian eta Debagoienan kasu- Bitturi esaten zaio.
Euskara
EAEko hiriburuaren biztanle gutxi dira euskaldunak: %24.60 inguru, 2006. urteko erroldako datuen arabera. Hala ere, gaur egun gasteiztarrek eskura dituzte hainbat ikastola (Abetxuku, Aranbizkarra, Armentia, Olabide, Umandi...), bertso-eskola bat eta hainbat euskaltegi. Halaber, hirian Araba Euskaraz antolatu dute hainbatetan (1981, 1992, 1995 eta 2006an), eta badira urte osoko beste hainbat ekimen ere, hala nola "GEU" aldizkaria —2010ean argitaratzeari utzi behar izan ziona— edo Iban Zalduak gidatutako literatura lantegiak.
Gasteiztar euskaldun ezagunen artean ditugu Erramun Olabide, Odon Apraiz eta Henrike Knorr hizkuntzalariak; Fito Rodriguez, Xabier Montoia, Rikardo Arregi, Edu Zelaieta, Karmele Jaio eta Katixa Agirre idazleak; eta hainbat politikari, kirolari, irakasle, bertsolari eta abar.
Museoak
Arabako Arte Ederretako Museoa
Artium Museoa
Armen museoa
Naipeen museoa
[aldatu] Ospitaleak
Arabako Ospitalea
Santiago Ospitalea
Txagorritxu Ospitalea
[aldatu] Bestelakoak
Principal Antzokia
Azkena musika aretoa.





No hay comentarios:
Publicar un comentario